Gure aurrekoek ereindako uzta eta utzitako ondarea oinarri, eta herritarrek hauteskundeetan emandako mandatua zerumugan, herri honen geroa egunez egun marrazten, ehuntzen eta eraikitzen jarraitzeko Legealdiko Plana osatu dugu. Dokumentu honek herri-ikuskera bat, errelato bat, jomuga bat, hamaika konpromiso eta konpromiso horiek garatzeko ezinbestekoak diren 130 egitasmo berri proposatzen ditu. Alabaina, ez da ezeren hasiera; arestian aipatu bezala, jarraipena baizik. Aurrekoen borondate berberetik, gure herri-proiektuan sakontzeko, gure herri-proiektua aberasteko, egitasmo berriak eta berritzaileak proposatzeko eta martxan jartzeko saioa da. Lau urteotan egin beharreko lana eta jarduna ordenatzeko ariketa.

Edonola ere, hasi berri den legealdiko bide-orria izateaz gainera, elkarlanerako gonbidapen bat ere bada: bidea elkarrekin, usurbildar guztiekin, egiteko gonbidapena. Auzolanean, herrigintzan. Usurbil eraikitzen, burujabetzen, Usurbiltzen. Izan ere, soilik elkarrekin sentituz, pentsatuz eta ekinez izango baikara herri.

Agurtzane Solaberrieta Mesa
Usurbilgo alkatea