EGINDA

98. neurria

ONGIZARTEA > TOKIKO GARAPEN EKONOMIKOA

Herriko Merkataritza eta Ostalaritza Biziberritzeko Plana berritu.

2019-2020 urteen artean egin zuten Tokiko Merkataritza eta Ostalaritza Biziberritzeko plana berritzeko diagnostikoa, eta 2020ko martxotik irailera bitartean hori martxan jartzeko ekintza plana. Diagnostikoak oinarri sendoa izan du, Usurbilgo 600 etxebizitza baino gehiagotara deitu baitzuten herritarren kontsumo ohiturak ezagutzeko.

Covid19ak bete-betean harrapatu zituen, eta lehentasunak testuinguru berrira moldatu behar izan zituzten. Plan berriak, gutxienez, bost urteko epealdia izango du, eta, besteak beste, honakoak finkatu ditu: tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko bidean Usurbilek dituen erronka eta helburu nagusiak (zazpi, zehazki); erronka horiek lortzeko zertan eragin behar den (sei jarduera-ildo definituta); 23 jarduera proposamen eta 40 ekintza zehatz (zenbaterainoko lehentasuna duten, egutegia, aurrekontua, finantzaketa eta abar zehaztuz).

Covid19ari aurre egiteko 2020ko udaberrian ezarri zen konfinamenduaren harira, ostalariek eta merkatariek pertsianak jaitsi behar izan zituzten, eta horrek eragindako kalteei aurre egiteko sortu zuen udalak Gertuago: lehenengo fasean, deskontudun erosketa bonuak bultzatu zituen, herritarrek bertan kontsumitzea bultzatzeko, eta bigarren fasean, herriko merkatari eta ostalarien erakusleiho eta marka bihurtu dute.