HERRI NORTASUNA

Nekez eraiki daiteke herri bat baliorik gabe, horregatik, gure jardunaren ardatza da gure herri-nortasunaren ikur diren balioak zaintzea eta indartzea. Euskarak, kulturak, hezkuntzak, aniztasunak, feminismoak, memoriak eta herri/auzoek egiten gaituzte herri.

HERRI JASANGARRIA

Ingurumenarekin harmonian, herri jasangarria, irisgarria eta bizigarria eraiki nahi dugu: herritarrak erdigunean jarriko dituena, ingurumenaren eta nekazaritzaren zaintza lehenetsiko dituena, zero zabor norabidean, errausketarik gabeko hondakinen kudeaketa lehenetsiko duena; hirigintza ez espekulatiboaren bidetik, kalitatezko espazio publikoak sortu eta balio ekologiko gehien duten eremuak babestuko dituena. Hori guztia, mugikortasun jasangarria lehenetsiz, irisgarritasun -eta genero- ikuspegia aintzat hartuta.

ONGIZARTEA

Ongizartea dugu helburu. Herritarrak ongi bizitzea. Osasuntsu eta zoriontsu. Eta duintasunez. Hain zuzen, helburu horren zerbitzura jarri ditugu garapen sozioekonomikoa eta zerbitzu publikoen eskaintza. Izan ere, garapen ekonomikoa ezin da pertsonen duintasunaren bizkar egin, eta kapitala erdigunean jarri ordez, pertsonen interesak eta beharrak lehenetsi behar dira. Horrekin batera, bazterketa egoeran edota arazo larriak dituzten herritarrak lan munduratzeko egitasmoak abian jartzeko lan-ildoa ezinbestekoa da.

UDALA HERRIAREN ZERBITZURA

Legealdiko Planean bildutako neurri horiek guztiak gauzatu ahal izateko, udalak herriaren zerbitzura jardun behar du, elkarlanean, herrigintzan. Herritarrekin, komunitatean lan egitea da gure asmoa. Usurbildarrei kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzea da gure zeregin nagusia, udal baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean erabiliz.