HERRI JASANGARRIA

HIRIGINTZA

Hirigintza jasangarria eta ez espekulatiboaren bidetik, lurzoruaren gehiegizko okupazioa saihestu eta eraikita edota zahartuta dauden eremuak berrerabili eta birgaitu, kalitatezko espazio publikoak sortuz, balio ekologiko gehien duten eremuak babestuz, mugikortasun jasangarria sustatuz eta hiri-sistema efizientea diseinatuz. Bide horretan, honako egitasmo hauek bultzatuko ditugu:

44. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra hasieraz onartu: HAPOan datozen 10-15 urterako dugun ikuskera jasotzen da. Hori dela eta, hainbat azterketa eta prozesu bultzatzea dagokigu: hirigintza jasangarria bultzatzea, espazioen berrerabilera hobestea, genero-ikuspegiaren lanketa eta euskara bermatzea antolamendu berrian. HAPOa herritarrekin lantzeko partaidetza prozesu bat edo lan-saio batzuk antolatuko ditugu:
45. Esate baterako, Zubietan. Etorkizunean zer-nolako Zubieta nahi dugun aztertu eta planifikatu, herritarrekin batera.
46. Aginaga: herritarrekin batera landu den kaxkorako Hiri Antolamendurako Plan Berezia tramitatu udalean, eta gauza dadin ahalegina egin.
47. Errioa Bizi! programa garatu: Zumartegin ibai ertzeko proiektua garatu.
48. Espazio publikoak: hilerri zaharraren hustearekin berreskuratu den espazioan edota ikastola aurreko zelaian zer egin erabakitzeko parte-hartze prozesu bat abiatu.
49. Jasangarritasuna bermatu: urbanizatzeko eta eraikitzeko materialen/sistemen inguruko katalogo bat landu.
50. Honako proiektuei jarraipena eman:

  • Zapategi eremuaren garapena (Gureak eta Elkar).
  • Matiako auzune berria Kalezarren eta N-634 errepidean autobus geltoki berria eta igogailua.
  • Ugartondoko urbanizazio berria.
  • Agerrazpiko urbanizazioa eta Arenerrekarako proiektu berria.
  • Zumarte Musika Eskolako lanak amaitu (2020).
  • Orbeldiko ur bizien kanala.
  • Ugarte baserria.

51. Zerbitzuak: herri-bideak konpontzeko plangintza bat egin eta urtez urte garatu.

 

MUGIKORTASUNA

Motorren menpeko eredua aldatu eta oinezkoentzako espazio libreak handitu eta berriak sortu, irisgarritasun-arazoak eta genero-ikuspegia aintzat hartuz.

52. Bidegorriak: bidegorrien plana gauzatu.
53. Troia eta Usurbil lotuko dituen bidegorriaren proiektua idatzi.
54. Pikaola-Saizar arteko bidegorria egin.
55. Sarrera/irteerak hobetu: herri sarrerako eta Txokoaldeko biribilguneak.

Garraio publikoa sustatu:
56. Autobus geltoki berria, Askatasuna plazan.
57. Auzo arteko garraio publikoa martxan jartzeko aukerak aztertu.
58. Tren geltokirako konexioak/bidea hobetu: zubi berria egin eta Ingemarreko tren pasabideari soluzioa eman.
59. Puntu beltzei soluzioa ematen saiatu, dagokien erakundeekin.
Oinezkoei lehentasuna eman:
60. Herrigunea oinezko bihurtzea: udaletxe ingurua eta Bordatxo biribilgunea oinezkoen eremu bihurtzeko urratsak egin.
61. Artzabal eta Mikel Laboa plaza arteko kalea oinezko bihurtu.

TRANTSIZIO ENERGETIKOA

Klima aldaketari aurre egin.
Energia-eraginkortasunaren aldeko apustuan sakondu eta energia berriztagarriak bultzatu.

62. Energia mahai bat eratu eta bertan plangintza bat egin.
63. Argiteriari dagokionez, hainbat esku hartze proposatu dira: (1) udalerriko argiteriaren azterketa orokorra egin eta urtez urte argiteria hobetzeko plan bat idatzi, (2) LED sistema bidez udalerriak ekonomikoki aurrezten duena kalkulatu.
64. Egungo kontsumo maila eutsiezina murriztu beharraz herritarrak eta gizartea sentsibilizatzeko kanpainak bultzatu.
65. Energia-jasangarritasunaren inguruko aholkularitza zerbitzua abiatzeko aukerak aztertu. Energia Aholkularitza zerbitzua bideratzea eta herritarren sentsibilizazioa bultzatzea izango da helburua. Horrela, energia eraginkortasun eta energia berriztagarrien inguruan herritarrek beren etxeetan edo merkatariek beren jardueretan aurrerapausoak ematea bultzatuko da.

Kutsadura murriztu:
66. Aire kalitatearen jarraipena egin.
67. Gure ibai eta erreken inguruko hobekuntzak landu.
68. Elkarlana sustatu: herriko enpresekin lan mahai bat eratu.

 

HIRI-HONDAKINEN KUDEAKETA

Usurbil 0.0 hondakinen prebentzio eta kudeaketa programa garatu.
69. Errausketarik ez: errauste-planta geratzeko lan-ildoarekin jarraitu, herri-eragileekin elkarlanean.
70. Prebentzioa: hiri-hondakinen sorrera gutxitzeko, prebentzioa eta kontzientziazio-kanpainak areagotu. Esaterako, ikastolaren, kluben eta udalaren artean ekintzak antolatu haur eta gazteen ohiturak hobetzeko.
71. Bilketa: gaikako bilketa hobetzen jarraitu, eta bide horretan, esate baterako, ontzi arinak eta paper eta kartoia biltzeko modu berriak garatu.
72. Herri-konpostaren egitasmoa abiatu.
73. Errefusa gutxitzeko helburuz, hondakin sanitarioak birziklatzeko programa martxan jarri.
74. Fiskalitatean aldaketak egin: errefusa zamatu, esaterako, errefusaren prezioa igota.

 

URAREN KUDEAKETA

Gure baliabide propioak kudeatu.
Herriko ur sistema eta azpiegiturak hobetzen jarraitu:
75. San Esteban 2 ur deposituaren filtrazioa.
76. Erroizpe-San Esteban deposituko hodia berritzea.
77. Ur kontsumoa murrizteko neurriak hartu eta sentsibilizazio-kanpainak egin.

 

SANEAMENDUA

78. Txokoaldeko ur zikinen azterketa.
79. Aginagako ur zikinak jasotzeko obrak egiteko jarraipena egin.

 

NATUR GUNEAK: BABESTU ETA SUSTATU

80. Andatzaren kudeaketa eta erabilera Usurbilgo beharretara egokitu: bertako basoa, aisialdia, ondarea eta uraren kudeaketan duen eragina zaindu.
81. Oria ibaiaren sustapena: ur zikinen isurketak kendu eta saneamendua gauzatu eta Errioa Bizi! plan estrategikoan aurrerapausoak eman.
82. Arenerreka garbitzeko egitasmoarekin jarraitu.
83. Herriko basoen ezagutza landu: bertakoak diren espeziekin osatutako baso eta ingurune bereziak ezagutzea erraztuko duten ibilbideak ireki, sustatu eta zaindu.

 

ELIKADURA BURUJABETZA

Ekologikoa eta bertakoa den elikagaien aldeko apustuan berretsi, nekazaritza eta abeltzaintza jarduera sustatuz.
84. Lur bankuak sortu/mugiarazi: HAPOan lurzoru-erreserbak mugatzea eta erosketa aztertzea.

NEKAZARITZA ETA ABELTZAINTZA

85. Egungo nekazarien eta abeltzainen lan- eta bizi-baldintzak hobetu.
86. Gure herrian lehen sektorean aritzeko baldintza administratiboak hobetu.
87. Elkarlana: nekazarien eta udalaren arteko harremana iraunkortu. Nekazariekin elkargunea indartu eta bertan ekintzak lehenetsi.
88. Bertako ekoizleen ekoizpena merkaturatu, bai herriko dendetan, jatetxetan edota eskoletako jangeletan.
89. Erosketa publikoetan udalak bertako produktuen kontsumoa bultzatu.
90. Elikadura burujabetza eta kontsumo arduratsua hezkuntza formalean lantzeko programak abiatu, hezkuntza-eragileekin elkarlanean.