HERRI-NORTASUNA

EUSKARA

Usurbildar ele anitzez eta euskaraz biziko den herria sustatu.

1. Buruntzaldeko Garapen Agentziaren bidez, alor sozioekonomikoaren euskalduntzea lehentasun izanik, plangintza estrategikoa garatu.
2. Euskaraldiaren testuinguruan, elebidun hartzaileekin komunikazioa errazteko baliabideak eta prestakuntza eskaini.
3. Udalaren hizkuntza harremana Euskaraz: (1) hornitzaileekin harremana euskara hutsean, (2) udalak bideratzen dituen fakturen hizkuntza jarraipena eta (3) Kontratazioetan jartzen diren hizkuntza irizpideen gaineko jarraipena.

Euskalduntzea bultzatu:
4. Herritarrek Usurbilgo Euskaltegian ikas dezaten bultzatu.
5. Mintzalagun egitasmoa indartu, prestigioa eman.
6. Hitza Jasoz ahozko ondarea jasotzeko proiektuan grabazio gehiago egitea eta aurrez egindako lana komunikatzea.
7. Nokaren ezagutza eta erabilera sustatu.

KULTURA

Kultura bizia eta herritarra dugu helburu, herritik sortua, herriarentzat eta munduarentzat gozagarri. Herritarren auto eraketa eta ahalduntzea bilatuko duen kultur eredua sustatu. Halaber, Euskal Herriaren aniztasun kulturala aldarrikatzen dugu. Horren baitan euskal kultura eta euskarazko kultura ditugu aniztasun horren guztiaren kohesionatzaile eta ardatz.

8. Kultura Aholku Batzordea berreskuratu.
9. Sormena bultzatzeko politikak landu, hala nola, dirulaguntza deialdi berria sortu.
10. Kultur ekintza irisgarriak antolatzeko plana osatu.
11. Wikipedia komunitatea sortu, herriko ondarea, balioak… bilduko lituzkeen Usurbilgo entziklopedia askea modu kolaboratiboan osatzeko.

ONDAREA

Herri ondarea berreskuratu, zaindu eta balioan jarri, gure herri nortasunaren gordailu gisa.

12. Herriko ondarea ezagutarazi eta jasotzeko proiektuak (argitalpenak, ikus-entzunezkoak…) sustatu eta finantzatzen jarraitu.
13. Andatzan egindako indusketa arkeologikoak ezagutzera emateko bitartekoak sortu.

HEZKUNTZA

Hezkuntza herritik sortzen da, eta ez da hezkuntzarik herririk gabe. Horregatik, herri-hezkuntza proiektu euskalduna, irekia, parte-hartzailea, berritzailea, inklusiboa, euskal curriculuma oinarri izango duena babestu, Usurbili lotua, Usurbilen errotua eta usurbildarren beharrei erantzungo diena.

14. Hezkuntza Mahaia berreskuratu, hezkuntza-komunitatearen topagune gisa indartu.
15. Herriko ikastetxeen artean hezkuntza-ekimen bateratuak martxan jarri.
16. Herri hezitzaileen sareko kide egitea. Herri hezitzaileen sarean integratzea, jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortuz; parte-hartzean oinarrituta eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz.

ANIZTASUNA

Kultura-aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza gure herriaren ikur eta jardun bihurtu. Gure balio.

17. Aniztasunaren diagnosia egin. Migrazio-olatu berriak eta 1960-1970eko hamarkadakoari arreta jarri: zer jarrera eta diskurtso eraiki genituen? Nola ikusten dugu elkar? Nolabait, orduko migrazio-olatu horren aurrean hartutako jarrerak eta eraiki genituen diskurtsoak ulertzeak eta partekatzeak egungo egoeran hobeto kokatzeko aukera ahalbidetuko duelakoan gaude.
18. Aniztasun-plana egin eta garatu. Jatorri, kultura, hizkuntza, erlijio eta, oro har, identitate aniztasunaren kudeaketa erronka handia da Usurbilentzat. Gure premisa edota abiapuntua argia da: aniztasuna ez da mehatxu bat; aberastasuna da.
Hortaz, gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementu bilaka dadin, aniztasuna modu egokian kudeatu behar da. Plangintza edo bide orria behar dugu, eta, horixe da legealdi honetan gauzatu nahi dugun proiektu garrantzitsuetako bat. Inbertsiorik potoloena, esango genuke: bizikidetzan sakontzea. Horretarako, ezinbestekoak ditugu elkar ezagutzan eta aitortzan oinarritutako ekimenak, aniztasuna balio positibo moduan sustatuko duen herri-ikuskera, eta baita, jatorria edozein dela ere, pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen udal-jarduna ere.
19. Herritarren artean gai honetan ekarpen berezia egin nahi duen taldetxoa osatzeko saiakera egitea.

PAREKIDETASUNA

Emakumeen ahalduntzea bultzatu, eta libre eta aukera berdintasunean bizitzea bermatuko dien herria eraiki.

20. III Berdintasun Plana (2021-2025) egin / garatu.
21. Emakumeen Etxea sortu.
22. Jaiak berdintasunaren ikuspuntutik aztertu eta eredu berri bat landu.
23. Maskulinitate eredu berriak landu, mutil gazte zein gizon helduekin.
24. Indarkeria sexista: sexu erasoen protokoloaren lanketa.

MEMORIA ETA BIZIKIDETZA

Euskal Herrian ez dugu benetako bake eta normalizazio politiko egoerarik ezagutu, gutxienez, altxamendu frankistaz geroztik. Horregatik, memoria, erreparazioa, berriz ez gertatzeko bermea, eta espetxe politika egoera berrira egokitzea eskatzen dugu.

25. 1936ko gerratik gaur arte, usurbildarrek pairatutako giza-eskubideen urraketaren azterlana egin.
26. Memoria historikoa. Bereziki, 36ko gerrako lubakiak berreskuratu eta oroitaraztea bultzatu.
27. Memoriaren gune bat sortzeko aukerak aztertu eta egitasmoari bide ematen saiatu.

HERRI/AUZOAK

Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu. Auzo bizigarriak nahi ditugu. Ez dugu kaxkoa eta auzoen arteko ezberdintasunak areagotzerik nahi, arrakalarik sortu nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar eta errealitate propioak dituzte eta horietan arreta jarri nahi dugu, auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Auzo bakoitzaren beharrak identifikatu, bertako komunitatea kontuan hartu, eta eurekin batera proposamenak landu, kohesio soziala, mugikortasun jasangarria eta zerbitzu publikoen eskuragarritasuna bermatzeko.

AGINAGA:

28. Erdiguneari aire berria eman eta oinezko bihurtu: kaxkorako landu den proposamen berria garatu.
29. Mugikortasun jasangarria sustatu: Elutx eta kaxkoa lotzeko oinezko bidea egin (Elutx bidea).
30. Puntu arriskutsuei soluzioa eman: N-634 errepideari izaera alda diezaioten eskatzen jarraitu.

 

KALEZAR:

31. Ekipamendu publikoa: Pelaioeneari zer-nolako erabilera eman erabakitzeko, auzotarrekin batera proiektu sozial bat lantzeko saioa sustatu.

SANTUENEA:

32. Auzoa biziberritu: Santuenerako plan integral bat diseinatu auzotarrekin batera, inklusibitatea eta kohesio soziala helburu.
33. Mugikortasun jasangarria sustatu: auzoko beheko errepideari soluzioa eman, eta oinezkoentzat eta bizikletentzat eremu seguru bat eratu.
34. Auzoa berrurbanizatu.

 

TXOKOALDE:

35. Ekipamendu publikoa: Akerra gaztetxeko eraikina auzoarentzat bihurtzeko parte hartze prozesua egin eta eraikina berritu.
36. Txokoaldeko herri-elkartea berritu.
37. Txokoaldeko sarrera-irteerari konponbidea eman. Diputazioarekin lanean jarraitu.
38. Zubia konpondu. Finantzazioa lortzen ahalegindu.

 

ETXEALDIA:

39. Etxealdia biziberritu: auzorako antolamendu berria landu, auzo irisgarria eta bizigarria izan dadin. Herritarrekin batera parte-hartze prozesu bat zabaldu.

 

ZUBIETA:

40. Diru-ekarpena: aurrekontuetan diru-partida bat gorde, Zubietako Herri Batzarrak erabaki dezan zertan inbertitu.
41. Ekipamendu publikoa: behar sozialetarako (gazteak, jubilatuak…) espazio publiko berri bat egokitu.

 

ATXEGALDE:

42. Auzotarrekin saio batzuk egin, auzoaren beharrak identifikatu eta konpontzeko.

 

OLARRIONDO:

43. Auzotarrekin saio batzuk egin, auzoaren beharrak identifikatu eta konpontzeko.

 

Scroll Up